XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hernani Donostia-tik 9,2 kilometrotara kokatzen da, Nafarroaren ipar-mugan.

Bere hedadura 42 km. karratukoa da, hiriaren inguruan eta aldamenetan Akerregi, Epele, Ereñozu, Jauregi, Martindegi, Osinaga, Fagollaga, Santa Barbara eta Zikuñaga auzoak barreiatzen direlarik.

Albotan Onyi, Merku, Urdaburu, Garrigo, Marrueta mendiak.

Urumea hibaiak goitik behera zeharkatzen du Hernani, bere erreka eta ur-adarrak, besteen artean, Aparrain, Legarreta, Urzoko, Epeleko, Txonjueneko, Olaberri, Beskitza, Portu eta Latzunbe direlarik.

Bestalde, Urumea hibaiaren ur-indarra profitatuz ertaroa ezkeroztik, han-hemen, ferrola zenbait egin da.

Hona batzuk: Errotaran 1.388 urtean, Enziola 1.536 urtean, Olaberriaga 1.583 urtean, Abillaz 1.610 urtean, Mezkite 1.610 urtean, Urruzuno 1.610 urtean, Pikoaga 1.610 urtean, Fagoaga 1.610 urtean eta Askasua 1.610 urtean.

Hernani-ko demografiak hazkunde nabaria jasan du mende honetan, industrializazioa dela-eta.

Hona jendetzaren taula: 1.900 urtean 3.672 bizilagun, 1.920 urtean 5.405, 1.940 urtean 7.093, 1.960 urtean 13.080, 1.981 urtean, berriz, 30.272.

1.975 urtean, zehazki, populazioaren %20,54-a soilik zen jatorriz bertakoa, %39,90-a penintsulakoa zelarik.

Beraz Hernani-ra etorririko inmigrante edo etorkin-multzoa oso nagusia izan da.

Eusko Jaurlaritza-ren estatistikaren arabera 1.981 urte aldera 29.507 bizilagunetatik, gutxienez, 13.395 erdaldun huts ziren, euskaldun eta alfabetatuak 5.315, erdizka alfabetatuak 3.852, eta alfabetatugabeak 1.162.

Beraz, kalean, gizartean eta kaxoartean euskararen aurkako desoreka nabaria da.

Dena dela, periferiako auzo aunitzetan euskararen presentzia oraindik gotorra da.

Hernani-ko sektorerik garatuena industria da.

1.978 urte aldera 418 enpresa kokatzen ziren bertan.

Papergintzan eta zurgintzan bakarrik 58 zituen.

Siderurgiak eta metalurgiak ere desarroilo handia.